Haika-Segi auzian emandako epaiaren ondorioz Polizia gure kide Gartzenen bila ari da
Espainiako Auzitegi Gorenak ostiral eguerdian jakinarazi zuen Haika-Segi auziko epaia. Audientzia Nazionalak Jarrai, Haika zein Segi gazte erakundeak terroristatzat jotzeko zantzurik aurkitu ez bazuen ere, Goreneko epaileek kontrakoa iritzi diote eta hiru gazte erakundeak terrorista izendatu dituzte eta Audientzia Nazionalak zigortutako 24 gaztetako 23ri kartzela zigorra 6 urtera igo die. Tartean da Uhinak irratiko kide Gartzen Garaio.
Ostiral arratsaldean bertan hasi ziren atxiloketak, Audientza Nazionalak Guardia Zibil, Polizia Nazional eta Ertzantzari atxiloketok emateko agindua eman ondoren. Dagoeneko lau dira Poliziak atzemandako gazteak, bi Donostian, bat Bilbon eta Murgian azkena.
Gaurko egunean poliziak 19 gazteren bilaketarekin aurrera darrai. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne Ministroak adierazi du zalantzarik batere ez duela datozen egunetan gazte guztiak atxilotu eta kartzelaratuko dituztela.
Amnistiaren aldeko mugimenduak, bestalde, epaiaren larritasuna salatu du. Eskubide zibil eta politikoei egindako eraso gogortzat hartu du epaitegiaren erabakia eta datorren ostegunerako, hilak 25, mobilizazio egunera deitu du.
Guk, gure aldetik, gure kide eta lagun Gartzeni ezarritako zigorra salatu nahi dugu. Gartzen Uhinak irrati honen alde lan eskerga eginez baino ez dugu ikusi. Herri mugimenduaren alde lanean. Beldurgarria iruditzen zaigu lan hau egiteari terrorismoa izendatzea.
Gure irrati txikitxoan utzitako hutsunea ikaragarri handia bada ere, aurrera segituko dugu. Bere konpromezua hori zen. Gure konpromezua hori da.

