gauerdiko balkoia

jauzia; euskaraz eta egunero!jauzia; euskaraz eta egunero!Zita bat duzu gauero Aiaraldeko informazioarekin. Irratiaren traste guztiak hartu eta gauerdiaren bueltan balkoira ateratzen gara, eguraldiaren gorabeherei aurre egin eta egunean zehar bildutako informazio guztia zuenganatzeko helburuarekin. Gure balkoia leku ezin hobea da gure inguruneko panoramari begirada botatzeko.

Gauerdiko balkoia Uhinaken erredakzio lan-taldeak aurrera ateratzen duen irratsaioa da. Saio kolektiboa beraz, informazioaren trataera eta zabaltze eredu berri batean sinisten duen taldeak egina.

Bi ataletan banatuta datorkigu Gauerdiko Balkoia. Lehen zatian albisteen birpasa egiten dugu, aiaraldean egunak eman dituenak zuenganatuz, betiere ikuspuntu kritikoz. Urrunago ere joaten gara lehenengo zatian, gairik interesgarrienak hartu eta protagonistei elkarrizketasakonak eginda.
Saioaren bigarren zatia aisia eta kulturari eskainia dago oso-osorik. Gure kolaboratzaile sare luzeak egunero gai berri baten inguruan hitzegiten digu. Mendi-ibilbideak, zinema, literatura, musika, osasuna eta teknologia berriak. Aukera paregabea gustuko duzun gai horren inguruan gehiago jakin eta ezezaguna zaizun horretan gauza berriak ikasteko. Unai, Axular, Txetxu, Gaizka, Xabi, Unai eta Koldo prest daude dakiten guztia zuenganatzeko. Eta zure eguneroko aisialdia nola bete ez badakizu, Gauerdiko Balkoiaren agenda adi entzutea besterik ez daukazu, Aiaraldeko zitarik garrantzitsuenen birpasa egiten baitizugu gauero.

Gauerdiko Balkoian ostegunak itxuraldatuta datozkigu, asteko tertuliaren txanda iristen baita gurera. Goi mailako solaskideek astean zehargure ingurune hurbilean izan diren berri garrantzitsuenen inguruan eztabaidan ariko dira. Informazioa aletu, atzean dauden arrazoietan sakondu eta gure iritzi propioak sortzeko elementuak geureganatzen dizkigute. Patxadazko solaserako tartea Uhinak irratian.

Gauerdia gainean dugula lo egiteko garaia ere iritsi zaigu. Ohean goxo-goxo gaudela begiak itxi eta gure balkoitik lotarako ipuina kontatuko dizugu. Gabon eta ondo lo egin!


Erantzun